irakasleen Taldearen batzar pedagogikoak

Zikloak
Zikloen egiturarekin adin ezberdineko ikasleak biltzen dira, aniztasuna areagotzeko eta gizarte elkarrekintza bultzatzeko, banakotasunaren printzipioa eta ziklo programekiko lana – mailakako programak baino zabal eta aberatsagoak – uztartuz.
Zikloak bi maila bilduz osatzen dira: 1. Zikloan, 1. eta 2. mailako ikasleekin (6 eta 7 urte) lan egiten da; 2. Zikloan, 3. eta 4. mailako ikasleekin (8 eta 9 urte); eta 3. Zikloan, 5. eta 6. mailako ikasleekin (10 eta 11 urte).
Ikasleak Ziklo bateko Departamentu ezberdinetan taldekatzeko irizpideak era askotakoak dira: sexua, adina, kultur maila, eta abar; helburua aldi berean askotarikoak eta osagarriak diren unitateak moldatzea da.
Sektoreak
Sektoreek irakasgai ardatzak ematen dituzten Ziklo bakoitzeko Departamentuak hiru edo lau multzotan (hau da, hiru edo lau Sektoretan) biltzen dituzte. Horrela, ikasturtean zehar ikasle guztiak Departamentu guztietatik pasatzen dira; horrenbestez, ikasleek Departamentu bakoitzetik edukiak jasotzeaz gain, irakasleriaren egonkortasuna mantentzen da, eta Departamentu bakoitzak eskaintzen dituen baliabideei etekin handiagoa ateratzen zaie.
Irakasleek esparru horretan egiten dute, lehentasun gisa eta berariazkotasun handiagoz, ikasleen bilakaeraren segimendua, hor elkartzen baitira zikloan zehar (bi ikasturte) ikasleez arduratzen diren irakasle guztia
Departamentuak
Departamentuak hainbat zeregin burutzen direneko guneak dira; zeregin horiek guztiak bizi-jarduera jakin batekin loturik daude, eta jarduera horren inguruan zenbait testuinguru egituratzen dira; testuinguru horietan, ikasleak irakasleekin eta beste ikasleekin harremanak ezartzen ditu. Xedea ikasleak motibatzera eta beren jarduera autonomo eta borondatezkoa indartzera bideratutako zenbait helburu lortzea da.
Harreman horien bitartez eskuratzen dira, hain zuzen ere, Zentroaren Helburu Nagusiak lortzeko beharrezko diren ikasketak, bai heziketaren alderdi orokorrei dagokienez – adibidez, nortasunaren garapena eta gizarte harremanen garapena] – bai berariaz ikasgai bati lotuago dauden ikasketei dagokienez.
Lehen Hezkuntzako 1. Ziklotik ateratako adibide batek guk Departamentua nola ulertzen dugun azaltzen lagundu dezake:
Ziklo horretan bederatzi departamentu daude: solasaldiak, txotxongiloak, auzoa, irratia, antzerkia, prentsa, ingelesa, arte hezkuntza eta gorputz hezkuntza.
Departamentu bat zer den ulertzen laguntzeko, irratia izango dugu aztergai, adibidez. Departamentu horri buruz honakoa nabarmendu daiteke:
a) Ikasleek zeregin aski zehatza dute: irrati programa baten edukiak hautatu, moldatu eta egituratzea, eta, geroago, programa hori egitea, Eskolako irratiak ematen duen irratsaio batean.
b) Departamentu hori lau testuingurutan egituratuta dago: meteorologi zentroa, programa bereziak, albisteak eta bitxikeriak eta istorio asmatuak. Departamentuko ikasleak lau testuinguru horien artean banatzen dira txandaka, eta elkarlanean testuinguru bakoitzari dagozkion lanak egiten dituzte.
d) Departamentu bakoitzak irakasle finko bat du.
e) Departamentu bakoitzak zehatz-mehatz xedatutako curriculumaren gai batekin zerikusia du. Irratiaren kasuan, solasaldien departamentuan bezala, lehen hizkuntza lantzen da; hau da, euskara D ereduan eta gaztelera B ereduan. Matematikak auzoaren eta prentsaren departamentuetan lantzen dira; txotxongiloenekoan eta antzerkikoan, euskara zuzen eta bizipenei lotuagoa; ingelesekoan hizkuntza horren mailakako ikasketa bultzatzen da; gorputz hezkuntzakoan, ikasleen jarduera fisikoari lotutako trebetasunak, testuinguru ezberdinak medio; eta arte hezkuntzakoan musika eta arte plastikoak lantzen dira.